XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gurutze Gorria, min hartzen dutenei, lehen laguntza eman nahiz.

DONOSTIA (EGIN).- Edozein txorakeria gerta liteke, halako batez, akzidente haundi.

Horrelakoak noiznahi gertatzen dira.

Esate baterako, ume batek, jostatzen ari dela, nolanahi irets dezake begi aurrean ikusi duen edozein gauza; alkoholak, sulfumanek edo lejiak, begietan kalte handiak egin ditzakete; aspirinek, barbiturikoek, gasolinak...... horiek guztiek zernolako kalteak ekar ditzaketen, batek badaki!.

Hala ere, honelako akzidenteak, egunero gertatzen dira.

Hori dela eta, Gurutze Gorriak, kontseilu liburuska bat argitaratu du, non azaltzen baitira, medikuek honelako kasuetarako ematen dituzten kontseiluak.

Badator kontseilu asko, izan ere, gauzarik txikiena, akzidente haundi gerta baitaiteke.

Begietako zauriak
Gure etxeetan izaten da boteila ugari, batzuk ardoz edo sagardoz, eta beste batzu produkto kimikoez beteta.

Pertsona larriek badakite nola erabil boteila horiek.

Txikiek ematen dute lana.

Zenbat eta txikiagoa eta okerragoa.

Bizpahiru urtetako mutil eta neska koskorrak, gogotik joango zaizkio boteilari muturretik heltzera.

Orduantxe etortzen da okerra.

Kortxoa atera du umeak eta joan zaizkio zipriztinak begira.

Zer egin? Umea iturrira eraman behar da; hantxe eduki ordu erdi batez, begia garbituz eta freskatuz; gero, antibiotiko batzu ipini eta oihalez inguratu.

Hori guztia egin eta minik baldin bada, oftalmologoarengana joatea komeni da.

Horrek esango du zer egin behar den.

Begian zauririk bada, ez da igortzi behar, igortziaren igortziz zauria gaizkoatu baitaiteke.

Begian zauririk baldin bada, oihalez estali eta okulistarengana jo, horixe da onena.

Askotan gertatzen da, halako eta halako partikula txarrak begian sartzea.

Kontuz orduan.

Horrelakoetan egin ohi den aurreneko gauza, begiak igortzitzea izaten da.

Azkurea izaten da eta halakoxe gozoa, baina ez da igortzitzea komeni, partikula horiek, begietan barrena barreia daitezke eta.

Hortik zer kalteak etortzen diren, medikuek bakarrik dakite.

Askoz hobea da ur garbiz begia igortzitzea, ahal bada ur beroz.

Begia gorritu egiten da sarri askotan.

Uraz igortzi ondoren begia bere onera ez baldin badator, onena medikuarengana jotzea, hau da, oftalmologoarengana.

Utz ditzagun begiak orain.

Hainbeste gauza sartzen dugu eztarri zulotik barrena, harritzekoa ez da, inoiz behin, gauza txarrik eta zikinik sartzea.

Hamaika ume ikusi dugu, gauza gogorrik eztarrian sar eta arnasa hartu ezinik.

Umeei, diztira haundia duten gauzak asko gustatzen zaizkie.

Horien atzetik doaz.

Eskuaz heldu bezain pronto ahora eta hortik barrura; eztarria ere hor dago eta, ez aurrera ez atzera, ito beharrean.

Umea oso txikia baldin bada, heldu hankatik, jarri buruz behera eta bizkarrean kolpe batzu jo; seguru asko kanpora botako du.

Eginahalak egin eta gero botatzen ez baldin badu, deitu medikuari, honek hau edo hura egin dezan.

Umea haundi xamarra baldin bada, onena zuzenik medikuarengana eramatea.

Hor ez dago berriketarik, ume asko larri ibiltzen baita iresten dituzten saltsa horiekin.

Bihurritua
Zenbat esku eta hanka bihurritu.

Bagoaz mendian aldapa gora; bizikletari eragin diogu; fulbolean gabiltzala; pelotan ari garenean; etxean mahaiaren kontra; nonahi bihurritzen da orpoa edo eskumuturra.

Askotan, gainera, ez da oso gauza ederra izaten.

A zer nolako mina.

Zer egin behar da eskumuturra edo hankazaina bihurritzen denean?.

Sekulan egin behar ez dena hauxe da, alegia, ur berotan sartu edo oihal beroz inguratu eskumuturra edoeta, bihurritu den puntua.

Horixe egiteko ohitura dago hain zuzen eta, egia esan, ohitura txarragorik ez da, sendatu beharrean, mina minagotu egiten baita.

Zerbait bihurritzen denean, mina hartu deneko menbrua goiti jaso behar da eta gero, izotzaz edo ur hotzaz parte hori inguratu.

Jakina, halaz guztiz ere mina hor baldin badago, medikuarengana jo behar da, ea harek zer esaten duen.

Aspirinak har eta pozoindu. Bada aspirinak hartzeko zaletasun ugari.

Buruko min piska bat dela, hortzetakoa, urdailekoa, hankapuntakoa, bizarretakoa eta, aspirina goizean, aspirina eguerdian eta aspirina gauerdian.

Hainbeste aspirinaz gorputzak okitea ez da harritzekoa.

Aspirina gehiegiz gorputza ondoezik geratzen denean, gehienetan urdaileko mina sentitzen da, oka egiteko gogoa, ahoan hemorragiak, bai betilean ere, pulsoa bizkortzen da, gorputza izertzen, aurpegia moretzen, amets alfer asko egiten.

Honelakoetan ez da bikarbonatorik hartu behar, hori baino txarragorik ez baita.

Hartu gaisoa eta eraman ospitalera, bien bitartean bomitoak eragingo zaizkiolarik.

Barbituriko gehiegi hartu duelako gaisotu baldin bada, bomitarazi egin behar zaio ahal denik eta sarrien eta ikatz bejetala irents erazi uretan nahastua, edota bikarbonatoa eta ura.